XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Tanzanian dauden errefuxiatu hutuak Ruandara itzultzeko beldur dira

Agentziak / Ngara

MILIOI erditik gora ruandar errefuxiatu hutuak beldurrez eta haserre daude, abenduaren 31 baino lehen Tanzaniako errefuxiatu eremuak utzi behar dituztela agindu dielako azken herri honetako Gobernuak.

Ruandan hil egingo gaituzte, abereak bagina bezala.

Ez gara itzuliko, adierazi zuen Ruandako mugatik 20 kilometro eskasera dagoen Benaco eremuko errefuxiatu emakumezko batek.

Tutsi gutxiengoko gerrillari ohiek Kigalin finkatu zuten Gobernuak gerra kriminaltzat gaitu.

Nola itzuliko gara?.

Ruandako Gobernuak behin eta berriz adierazi du 1994. urteko apirileko genozidioan parte hartu zuten hutuek izan behar dutela beldurra.

Nazioarteko erakundeek aitortu egin dute Ruandako egoera egonkorra dela egun eta errefuxiatuen itzulerari baietza eman diote.

Baina horrek ez ditu lasaitu Tanzaniara ihes egin zuten tutsiak.

Tanzaniako Gobernuak joan den astean iragarri zuen herri honetan dauden 540.000 errefuxiatuek aldegin behar dutela abenduaren 31 baino lehen, egun horretan itxiko baitira errefuxiatu eremuak.

Azken egunetan 20.000tik 40.000ra errefuxiatuk utzi dituzte babeslekuak, baina ez dira beren herrira itzuli.

Bestalde, 200.000 bat errefuxiatu ruandar Zaire ekialdera doaz Frantziako Defentsa Ministerioak atzo adierazi zuenez.

Frantziako Armadako hegazkinek Zaire ekialdea arakatu zuten eta errefuxiatu horiek atzeman zituzten.

100.000 inguru Gomatik ipar-mendebaldera dagoen Kisanganira bidean dira, eta beste 100.000 Gomatik mendebaldera dagoen Kindura.

Zaire ekialdean dauden errefuxiatuei elikagaiak bidaltzeko aire bidezko zubia zabaldu zuen asteazkenean Nazioarteko Gurutze Gorriak.

Mai-Mai etniako haur gerrillari bat Zaireko Butambo hirian.